Lekunberriko banketxe bati titadinez egin diote eraso. ETAren izenean iragarri zuten eztanda 25 minutu lehenago.
      GARAn agertuta 2001ko uztailaren 26a.


      Lekunberriko banketxe bati titadinez egin diote eraso

      ETAren izenean iragarri zuten eztanda 25 minutu lehenago

      Lekunberrin Cajanavarrak duen egoitzari eraso zioten asteazken gauean eta kalte material nabarmenak eragin zituen. Hasieran kale borrokaren barruan kokatu bazuten ere, gero ETAk lapurtutako titadine lehergaia erabili zela jakinarazi zuten. Gainera, erakunde honen izenean hitz egin zuen pertsona batek eman zuen eztanda honen berri lehenago.GARA | LEKUNBERRI

      Lekunberriko kale nagusian gertatu zen eztanda, astearte eta asteazken arteko gauerdia baino hogei minutu geroago, bertan Cajanavarra erakundeak duen kutxazain automatiko batean. Hori dela eta, hasieran kale borrokaren barruan kokatu zuten iturri polizialek.

      Azterketa sakonagoa egin ostean, ordea, lehergailuak barruan erregaia eta lehergai plastiko bat zituela eman zuten jakitera, titadine hain zuzen ere. Hau da ETA erakundeak aurtengo martxoan Grenoblen lapurtu zuen materiala. Ondorioz, «hau orain arte horrelako ekintzetan inoiz erabili ez den lehergaia dela» nabarmendu zuten Nafarroako Gobernu espainoleko Ordezkaritzako iturriek.

      Eztanda hori gertatuko zela jakinarazia zuen, gainera, ETAren izenean hitz egin zuen ahots anonimo batek. SOS-Navarrari egindako deialdi batean izan zen hau, eta astearteko 23.55ean gertatu zen, hau da, leherketa gertatu baino 25 minutu lehenago.

      Abisua jaso ondoren Guardia Zibila aipatutako lekura joan zenean, Lekunberriko Aralar kalean dagoen Cajanavarrako kutxazain automatikoan poltsa susmagarria zegoela ikusi zuten agenteek. Hori dela eta, eremua ixtea erabaki zuten, inor hortik pasatu ez zedin.

      Eztandak ez zuen inor zauritu, baina kalte material ugari eragin zituen kutxazain honetan, orain arte zehaztu ez direnak. Lokaleko zutabe nagusiak, sabaia, zorua eta kristalak puskatu ziren ondorioz, bai bulego honetan, bai parean dagoen eraikuntzan.

      Aierdi: «ETAren eromena»

      Jose Maria Aierdik, Lekunberriko alkatea eta Eusko Alkartasunako parlamentari denak, udalbatzar berezia deitu du gaur leherketa honen inguruko eztabaida egiteko. Atzo baloratu zuenez, «ETAk dakarren eromenaren beste seinale bat eman du oraingo honekin».

      Honezaz gain, eztanda honek zauriturik eragin ez izana «mi-raritzat» jo zuen Aierdik. Bere esanetan, ondoan, kanpoan, zinema-proiekzio bat izan zen aurretik, eta leherketa gertatu zen unean jendea etxeratzen ari zen, «tartean umeak zirela». Hori dela eta, «geure buruei zorionak eman behar dizkiegu» ziurtatu zuen alkateak.

      Índice home